XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IZEN SINTAGMA MUGAGABEA TARTASen ONTSA HILTZEKO BIDEA-n Donostia, 1982-X1-26

Lantxo honetako gaitzat IZEN SINTAGMA MUGAGABEA aukeratu dut.

Izen sintagma diodanean, sintagma horren barnean izen sintagmak eta atributo sintagmaren barnean sartzen diren adjektiboak ere, mugagabe diren heinean, aztergai izango ditugu.

Corpus-tzat, berriz, Tartas idazle zuberotarraren Onsa hilceco bidia aukeratu dut.

Corpus hau zerbait mugatuz, bertako kapituluren batzuk har nitzakeen aztergai, baina azkenean liburu osoa arakatzea pentsatu dut.

Lantxo hau burutzeko ez zen, noski, beharrezko mugagabe itxura duten testuinguru guztiak jasotzea, baina, lan honetarako ez bada ere, agian beste lan batetarako baliagarri litezkeela pentsatuz, sailka jaso ditut.

Lan honetan, hala ere, bildutako testuinguru guztiak ematea aspergarri eta luzagarri litzatekeenez, batzuk bakarrik ematen ditut.

Onsa hilceco bidia liburu honek bi edizio ditu: RIEVek argitara emana, bata, eta JAKINek argitaratutako edizioa, bestea.

Nik Antolin Eguzkitzak prestatu eta JAKINek argitara zuena aukeratu dut neure lanerako.

Edizio zaharragoa denez, RIEVek atera zuena aukera nezakeen, baina esku artean erabiltzeko erosoagoa eta grafia aldetik irakurterrezagoa delako, bigarren hau erabili dut.

Testuinguruak ematen ditudanean, testu zati bakoitzaren ondoren zenbaki batzuk jartzen ditut, parentesi arteko zenbaki horien bidez testu hori aurkitzen deneko orrialdea adierazi nahirik.

Lan hau egitekoan jarrai natzaion metodologiaz zerbait esan beharrez, bi sail desberdinetan banatu ditudala esan beharko dizut, irakurle.

Aurrena, sintagma horiek osatzen dituzten elemenduei eta elemendu horien banaketa edo diztribuzioari begira egin dut sintagmen sailkapena.